XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRRIBARREAREN ARKITEKTURA SALBATU HANS-DIETER DYROFF.

GAUR egun hemeretzi herrialde ari dira lankidetzan Art Nouveau-ko eta Jugendstil-eko duela gutxi izandako espezialisten bilera batetan irribarrearen arkitekturatzat jo zen horretako arkitektura ondarea aztertu eta babestea xedetzat duen Unescoren proiektu batetan.

Unescoren ekintza-programaren zutabeetako bat den kultur hartuemanaren aintzindari izan zen, nolabait, Art Nouveau hori.

Hungariako Kecskemet hirian ageri da argi eta garbi alderdi hori; 1985ean bertan izandako espezialisten bileratik sortu zen Unescoren proiektua.

Izan ere, Art Nouveau-ko eraikin bikainak daude Kecskemeten, XIX mendekoak, Odon Lechner (1845-1914) arkitekto hungariarrak egindako udaletxea batez ere.

Izaera oso-osoan hungariarra dutenarren, eragin eta hartueman ugariren ondorioa dira aldi berean obra horiek, eta hedatu Europako herrialdeetan barrena ez ezik beste kontinenteetan barrena ere hedatu zen mugimendu indartsu horren lekuko.

Interes bizia sortu zuen Unescoren proiektuak berehalakoan.

Egoitza Bonnen duen Aleman Errepublika Federaleko Unescorako Batzorde Nazionalak egin zuen lehenengo plana, berak bait dihardu proiektuaren koordinatzaile lanetan, eta Unescoren Konferentzia Orokorraren onarpena jaso zuen plan horrek 1985ean.

Hurrengo urtean, Europako espezialista talde bat bildu zen Heiligkreuztal-en Aleman Errepublika Federala, eta bertan Art Nouveau arkitekturaren definizioa formulatu zuten, proiektua gauzatzeari begira eta ez zen lan makala horixe, kontutan hartzen badugu zenbat sortzaile eta prozedura desberdin hartzen dituen mugimendu horrek bere baitan.

Hori horrela delarik, aski definizio zabala hartu zuten, osoko arte obrak sortzeko zenbait trebetasun eta teknikataz baliatzea bultzatu zuten figurarik nabarmenenak ez ezik, horrenbesteko anbiziorik gabe izan bazen ere urbanista eta Art Nouveau-ren hedatzaile gisa garrantzi handiko papera jokatu zuten sortzaileek ere bertan sartu ahal izateko.

Hurrengo urratsa Art Nouveau arkitekturari buruzko informazioa bildu eta ebaluatzea izan zen, hori bait zen beharrezkoa gerta zitekeen kontserbazio lanari ekiteko abiapuntua.

Horrela, aurreko mendearen azkenaldera izandako nazioarteko harremanei, eraikuntza teknikei eta bereziki, material berrien erabilketa esperimentalari buruzko informazio ondo gero eta handiagoa joan da sortuz.

Art Nouveau-ren hedakuntzari dagokionez, ez da alferrik izango argitalpen ezagun zenbaitek horretan zernolako eragina izan zuten esatea; horrela, esate baterako, Jugend aldizkariak, artearen eta arkitekturaren joera berriak zabaldu bait zituen, argazkiz ilustraturik.

Ez da harritzekoa, beraz, Unescoren proiektuak dokumentazio fotografikoa biltzeari aparteko garrantzia ematen badio eta berori kontserbatzeaz arduratzen bada Aleman Errepublika Demokratikoko Unescorako Batzorde Nazionalak egina du dagoeneko erakusketa bat, herrialde horretan ez ezik Finlandia eta Aleman Errepublika Federalean ere aurkeztu dena proiektuan parte hartzen duten gainerako herrialdeek ere antzeko erakusketak gauzatzeko asmoa dute.

Badago Unescoren proiektu hau sortzen ari den interes gero eta handiagoaren zergatia azaltzen duen arrazoi zenbait.

Injinieritzaren teknika eta instrumentu berriek, garraioaren eta komunikabideen hedakuntzak eta progresuarekiko fedeak berrikuntza arkitektoniko eta estetikoei bultzada handia eman zieten garai horrek sortzen duen lilura da arrazoi horietako bat.

Beste bat, berriz, Henry van de Veide, Hermann Obrist, Otto Wagner, Eliei Saarinen eta beste arkitekto handi askoren obrarekiko interes orokorraren berpizkundea.

Esperientzia eta ezagutza meta handia dugu dagoeneko, zenbait herrialdetan ikerlanak egun zein egoeratan dauden isladatzen duten bibliografietatik hasi eta monumentu, aditu, enpresa eta materialen zerrendetara iritsi arte.

Unescoren proiektuaren ardura duen taldea gertu dago dagoeneko berarizko kontserbazio ihardueretarako bere aholkularitza eta laguntza zerbitzuak eskaintzeko; ahalegin horietarako bere kooperazioak, jakina, tokian tokiko elkarteen ekimenean eta eskuhartzean baino ezin du oinarritu.

HANS-DIETER DYROFF, alemana, artearen historiagilea da.

Unescorako Alemaniako Batzorde Nazionalaren (Bonn, RFA) kultur sailaren zuzendaria da eta Unescoren Art Nouveau/Jugendstil Arkitekturari buruzko Azterlanerako eta Ekintzetarako Nazioarteko Proiektuaren koordinatzailea.